XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Santa Kruz gizagajoa an zegoan ibaian.

Ez zioten arkakusoek neke aundirik emango.

Errosarioa errezatu zuan eta Ama Birjiñari ez dakit zenbat eskeintza egin zizkion: Misiotara joango zala siñesgabeetara, andik onik ateratzen ba zuan.

Gizagajoa, oso auldu omen zan. Ez da arritzekoa.

Illaren amairugarrenean eguerdi aldera liberalek utzi zuten Aramaio eta apaiza an gelditu zan ibaian.

An egon zan gaura arte.

Otzak gogortu zuan, eta noiz baiño noiz an geldituko ote zan ari zan bere buruarekin.

Orrela zegoala...... ara gizon bat: - Zatoz onera, esan zion Santa Kruz naiz, atera nazazu bizirik. Gure gizonaren poza!.

- Zaude or geldirik esan zion atera nai ba dezu, galdu zera, zelatari asko bait dabiltza, eta zillarra eskeintzen diote atxitzen zaituanari.

Nik mundu guztian dan urrearengatik ere ez zaitut salduko.

Antxe egon bearra izan zuan illundu arte.

Bitartean gizon aramaioarrak arraultza egosiak ekarri zizkion.

Santa Kruzen mutillak non ziran? Egun artan bertan, Arantzazuko arkaitzetan, artzai batek eman zien apaizaren berri: iges egin zuala orain ere.

- Bai ote? Ama Birjiñak atera du - eta bere artan errosarioa esaten ari ziran.

Aramaioar gizagajoak, illuntzean, konturik andienarekin Anbotora eraman zuan Santa Kruz, ango baserri batera.

Santa Kruzek berak, ikus zer dion 1921garrengo apirillean: Oraindik gogoan daukat.

An artu nuan zerbait: urdai errea eman zidaten.

Baserritar aiek, batzuk begira zeuden, beste batzuk neri oiñak garbitzen eta legortzen ari ziran.

Emakumea urdaia erretzen, eta agure zaarra aingeruaren gisa, neri begira.

Andik mendiko aitzulo batera eraman ninduten, Elorrio alderago.

Ara etortzen zan artzai antzean mutiko bat txilibitua joaz, neri jatekoa ekartzera.

Aitzulo orretan egon nintzan iru egunez, eta andik Frantzira jo nuan: 24 ordutan 20 legua bide, iñon egonik egin gabe. SANTA KRUZ APAIZA ORIXE.